Instituto de la Mujer
Historia Partekatu

Gure historia

Erakundearen hastapenak

Emakumeek, hezteko, lan egiteko, familia-nukleoak osatzeko eta erabaki politiko eta ekonomikoetan parte hartzeko, gizonek beste eskubide eta aukera behar dituztela onartzea XX. mendean zehar lortu den gizarte-gertaera bat da. Hori, justizia, askatasun eta berdintasun-printzipio demokratikoen garapenari eta emakumeen eskaerei esker lortu da.

Espainiako Konstituzioa ateratzean, 1978ko abenduaren 6an, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta arraza, sexu edo erlijio arrazoiengatik ez baztertzea legez berretsi zuten. Gure herrialdeko ordenamendu juridikoan oinarritutako printzipio moduan ere aintzatetsi zuten.

Hala ere, praktikan, emakumeek aukera berdinak izateko ez zen nahikoa legeak aldatzea. Jarrerak eta portaerak, bizimoduak eta gizarte-egiturak aldatu behar zituzten, eragozpen handia baitziren emakumeen garapen osorako, herrialde bateko kulturan, lanean eta politikan aktiboki parte hartzeko eskubidea duten pertsonak moduan.

Hori falta zitzaiela konturatuta, emakume aurrerakoi eta feministen talde batek Espainiako Administrazioaren barruan erakunde bat sortzea bultzatu zuten, Europako eta munduko beste herrialde batzuetan zegoenaren antzekoa; hots, berdintasun-politikak egiten zituenekoa. Horrela, Gobernuari proposatu zioten, eta xedea esparru horretako hainbat ministerioren ekintzak koordinatzea zen.

Eskaera horren ondorioz, Erakundea sortzeko lege-proiektua egin zuten.

Emakumearen Erakundearen sorrera

Urriaren 26an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen urriaren 24ko 16/1983 Legearen bidez, Emakumearen Erakundea sortu zen, Kultura Ministerioari atxikitako erakunde autonomo moduan. Konstituzioaren 9.2. eta 14. artikuluetan jasotako printzipioak betez eta garatuz, lehentasunezko helburua hau zen: bi sexuen gizarte-berdintasuna bideratzeko aukera ematen duten baldintzak sustatzea eta emakumeek bizitza politiko, kultural, ekonomiko eta sozialean parte hartzea.

Ongi bereizita zeuden bi jarduera-ildo ezarri zituen: batetik, informazio- eta arreta-zerbitzuak sortzea eta emakumeentzako prestakuntza-programak garatzea sustatzeko. Eta, bestetik, Administrazioak emakueentzat berariaz egindako politikak sustatzeko eta koordinatzeko jarduerak sustatzeko.

Hasiera batean, emakumeen eskubideak jakinarazteko kanpainak egiten zituen Erakundeak, eta ordenamendu juridikoan gertatutako aldaketen berri ematen zituen, izan ere, aldaketa horiek funtsezkoak ziren emakumeek, oraindik askok ezagutzen ez zituzten eskubide horiek baliatzeko eta aldarrikatzeko. Horrez gain, tratu txarren arazoa atera zuen, eta emakumeek Espainian zuten egoerari buruzko azterketak egin zituen; horien emaitzen berri ere eman zuen.

Ekintza horiez gain, berehala hasi ziren nazioartean jarduerak ere egiten, eta, zalantzarik gabe, Espainia Europako Erkidegoari atxiki zitzaionean indartu egin zen.

Erakundearen berdintasunerako politika: Emakumeen Aukera Berdintasunerako Planak

Emakumearen Erakundea sortzeak aukera-berdintasunerako erakunde-politika bat hastea ekarri zuen, eta geroago egindako ondoz ondoko Emakumeen Aukera Berdintasunerako Planekin (PIOM) finkatu zuen. Plan horien helburua sexu-arrazoiengatiko desberdintasuna ezabatzea eta gizarteak emakumeak ez baztertzea zen.

Berdintasun-planen eraginez, parte hartutako eragile guztiek bete behar zituzten helburuak adierazten zituen erreferentziako esparrua sortu zen, eta, horrek, beraz, planak indarrean zeuden bitartean jarraipena egitea eskatzen zuen.

Jarraipen-txostenen bidez, plan horien ebaluazioak egin zituzten, funtsean, bi helbururekin: batetik, aurreikusitako ekintzen gauzatze-maila ezagutzea; bestetik, Estatuko Administrazio Orokorreko hainbat organok horiek betetzeko egindako jarduerak ezagutzea.

Emakumeen Aukera Berdintasunerako lehen Plana 1988-1990

I. PIOM plana 1987ko irailean aurkeztu zuen Ministroen Kontseiluan, eta estrategia politiko bat zen emakumeen gizarte-egoera hobetzeko, sei arlotan taldekatutako 120 neurriren bidez: Berdintasuna ordenamendu juridikoan; Familia eta gizarte-babesa; Hezkuntza eta kultura; Enplegua eta lan-harremanak; Osasuna; Nazioarteko lankidetza eta asoziazionismoa.

Lehen plan hau, Espainia 1986. urtean atxiki zitzaion Europako Erkidegoko gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunerako programen ereduari jarraituz egin zuten. Aldi horretan egindako ikerketetan oinarritu ziren lehen planean proposatutako ekintza-neurriak.

Emakumeen Aukera Berdintasunerako bigarren Plana 1993-1995

II. PIOM planaren oinarrizko helburua neurriak hartzea izan zen, berdintasun formaletik benetako berdintasunera aurrera egiteko, hau da, ekintza positiboko neurriak sustatzea eta garatzea, hezkuntzaren, prestakuntzaren eta enpleguaren arloetan nagusiki.

Bigarren plan horien berariazko 172 jarduerak, emakumeek garapen librea eta kultura, lan eta politikaren munduan parte-hartze aktiboa izan zitzaten, egiturazko aldaketak lortzeko helburuarekin abian harri ziren neurri politikotzat har daitezke.

Emakumeen Aukera Berdintasunerako hirugarren Plana 1997-2000

III. PIOM planak, Gobernuaren politika guztietan berdintasunaren printzipioa sartzea eta gizarte-bizitzaren arlo guztietan emakumeen parte-hartzea sustatzea ekarri zuen, erabakiak parte hartzean eragile parte-hartzaile bihur zitzaten, izan ere, emakumeek parte hartzen ez bazuten, ezinezkoa zen berdintasun- eta garapen-helburuak lortzea. Plan horrek, Beijingeko Emakumeen Munduko IV. Konferentzian onartutako Ekintza Plataformaren konpromisoak bere gain hartu zituen; baita Erkidegoko IV. Ekintza Programaren orientabideak ere.

Emakumeen Aukera Berdintasunerako laugarren Plana 2003-2006

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Erkidegoko Esparru Estrategiak (2001-2005) ezarritako zuzentarauetan oinarrituta zegoen IV. PIOM plana. Genero-mainstreaming sustatu nahi zuen, eta horretarako, beharrezkotzat jotzen zuen arloetan, aukera-berdintasunerako berariazko politikak, hots, ekintza positiboak, sustatu zituen.

Berdintasun Politiken Idazkaritza Orokorra sortzea eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako Lege Organikoa eta 2008-2011 Aukera Berdintasunerako plan estrategikoa onartzea

2004ko martxoan hasi zen VIII. Legealdian, gizartearen esparru guztietan berdintasuna ezartzearen aldeko apustua egin zuen Gobernuak. Horrela, hasteko, kabinete paritario bat osatu zuen, eta Berdintasun Politiken Idazkaritza Orokorra sortu zuen Lan eta Gizarte Gaien Ministerioaren barruan; Emakumearen Erakundea Ministerio horri atxiki zitzaion.

Berdintasun Politiken Idazkaritza Orokorra izan zen Emakumearen Erakundearekin batera legealdi horren bi legerik esanguratsuenak onartzea bultzatu zuena: 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero Indarkeriaren kontrako Babes Integraleko Neurriei buruzkoa, eta 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, emakumene eta gizonen berdintasuna lortzeko (LOIEMH).

Zalantzarik gabe, bi lege horiek izan dira eraginik handiena izan dutenak, orain arte, Espainian, emakumeen tratu- eta aukera-berdintasunerako eskubidea garatzean. Horrez gain, ekimen aitzindariak izan dira Europar Batasuneko herrialdeen legediaren barruan, gizartearen egitura guztietan emakumeen eta gizonen tratu-berdintasunaren printzipioa sartzea ezartzen baitute, oro har.

Berdintasun-politikak mailarik gorenean: Berdintasun Ministerioa

2008. urtean hasi zen legealdian Berdintasun Ministerioa sortu zuten, eta Erakundean Ministerio horri atxiki zitzaion, Berdintasun Politiken Idazkaritza Orokorraren bidez. Berdintasunaren arloan, Gobernuaren politikak proposatzea eta gauzatzea, eta edozein diskriminazioren eta genero-indarkeriaren kontra borrokatzea zegozkion.

Geroago, eta zorroztasun arrazoiak zirela-eta, Ministerioa Berdintasunerako Estatu Idazkaritza izatera pasa zen, Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioaren mendean. 2011ko abenduan egindako administrazio-berregituraketaren ondoren, eta Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasuneko Estatu Idazkaritza berria sortu zuen urtarrilaren 23ko 200/2012 Errege Dekretuaren bidez, aukera-berdintasunerako zuzendaritza orokorraren esku utzi zuten Erakundearen zuzendaritza.

W3C. Leiho berri batean irekiko